Aurkezpena

NAFARROA BAI Aralar, EA, EAJ eta Batzarre lau alderdi politikoek batasunerako eta lankidetzarako egin duten esfortzuaren ondorioa da. Esfortzua Nafarroa osoa Espainiako Gorteetan ordezkatua izan dadin. Nafarroa abertzale, aurrerakoia, ezkerrekoa ere ordezkatua izan dadin. Gizartearen sektore zabal batek azken urteotan egindako eskariari erantzuna emateko sortu da NAFARROA BAI.

NAFARROA BAIko zerrendetan gauden emakume zein gizonezkook lau alderdi politiko hauen esfortzuari erantzun nahi izan diogu eta koalizio honetan modu aktiboan parte hartzeko konpromisoa onartu dugu.

Nafarroan gehiengoa duten indar politikoek ez ordezkatzeaz gainera, kontuan ere hartu ez dituzten milaka nafarren ilusioak errealitate bihurtzeko laguntza ematea da guretzat ohorea. Alderdien konfiantzari erantzun nahi diogu gure baitako onena emanez: gure lana, gure esperientzia, Nafarroaz eta jardun publikoaz dugun ezagutza.

NAFARROA BAIko hautagaiok gure egiten ditugu koalizioaren printzipioak: giza eskubideak, elkarrizketa, integrazioa, eta haren helburuen aldeko konpromisoa hartzen dugu: lehendabizikoa, bakea; bigarrena, Nafarroaren gaur egungo estatusa berrikustea eta bai Euskal Autonomia Erkidegoarekin, bai Euskal Herriko gainerako lurraldeekin harreman berriak erabakitzeko eskubidea bermatzea, Estatuarekin harreman berriak erabakitzeko eskubidea, hots, autodeterminazioaren eskubidea bermatzea. Hirugarrena, Espainiako Gorteetan Nafarroa aurrerakoi, abertzale, euskaltzalearen eskubideak, interesak eta ikuspuntuak defendatzea, politika sozial, ekonomiko, kanpoko politika, hezkuntza eta kultur politikari dagokienez.

Gure eginkizuna da Nafarroa euskaldun, aurrerakoiaren ahotsa Madrilera eramatea, eta horretan ahaleginduko gara martxoaren 14a baino lehen eta egun horren ondoren ere.

Hautagai hauek arreta berezia izanen dute bereziki nafar gizarteak gaur eta geroan dituen eta izanen dituen behar eta erronkekin. Halaber Nafarroako gizarte eragileen kezkak eta proposamenak oso kontuan hartuko dituzte.

Indar politikoetatik gure izaera independentea mantenduko dugu, koalizioarekiko eta bere helburuekiko leialak izanen gara. Nafarroako eta gainerako Euskal Herriko erakunde abertzale eta aurrerakoiekin lankidetzan arituko gara, bai eta Estatuko indar aurrerakoiekin eta nazioen eskubideak defendatzen dituztenekin ere.

Koalizio honentzat gainerako hautu politikoentzat bezainbeste errespetua eta aukera berdintasuna eskatzen ditugu.

NAFARROA BAIk nafar politikan aro berri baten hasiera adierazten du, orain artekoa baino aro demokratikoagoa eta aniztasunarekin konprometituagoa.

Politikan deus oparitzen ez denez, proiektu honekin identifikaturik sentitzen diren pertsona eta sektore guztiei eskatzen diegu beren laguntza emateko, bereziki aktiboak izan daitezen hurrengo asteetan, hurrengo lau urteotan estatuko erakundeetan ere present izan daitezen.

2004ko urtarrilaren 12an.