NAFARROA BAIren ALDEKO MANIFESTUA
Nafarroa Osorako
 

Manifestu hau sinatzen dugunok Nafarroako herritarrak gara, Foru Komunitatearen etorkizunaz kezkatuak. Bakoitza gure zulokoak gara, baina euskaltzaleak eta aurrerakoiak izateak elkartzen gaitu, eta euskaltzale eta aurrerakoi garen aldetik ezinegonean ere egiten dugu bat: erakundeen erabilera alderdikoiak kezka bizia sorrarazten digu, bazterturik sentitzen gara gizarte nahiz kultur ikuspegitik, eta ez gaituzte asetzen alderdi politiko aurrerakoiek egoera hobetzeko orain arte egin dituzten ahaleginek.

Euskaltzale eta aurrerakoi garela diogu. Euskaltzale, ezetz erraten diegulako hemengo euskaldunak egunero baztertzen eta umiliatzen dituztenei; ezetz, bere izatearen kontra eta bortxaz Nafarroa kolorebakarra eta erdaldun hutsa ekarri nahi digutenei. Aurrerakoi, giza eskubide guztien alde gaudelako, bizirako eskubidetik haste. Aurrerakoi, halaber, hautsi nahi dugulako hemengo politikan, ekonomian, gizartean eta kulturan zenbaitek eraiki duten jabegoa. Baina orobat aurrerakoi, guretzat aniztasuna aberastasun delako eta ez mehatxu, eta transbertsalismoaren hazia erein nahi dugulako gizartean, politikan nahiz kulturan. Azken batez, euskaltzale eta aurrerakoi gara, Nafarroa Osoa egin gogo dugulako, bazterkeriarik gabea, bere ezberdintasunetan aberatsa, denendako tokia duena.

Badakigu ez gaudela bakarrik. Milaka jende bat heldu da ikuspuntu hauekin. Gizartean nahiz politikan ez gara kasik ageri, ordea, eta hori hala da erantzun zibiko, heldu eta arduratsua ematen jakin izan ez diogulako Foru Komunitateko erakunde ofizial nahiz ofiziosoek herritarren zati mardul batekin daramaten zokoratze politikari. Horren aitzinean, sinetsiak gaude posible dela gizarte-eremu zabala antolatzea, bai hauteskundeetan lehiatzeko bai politikan aritzeko, gizarte-eremu zabal bat, Nafarroan aldaketarako aukera sortzen lagunduko lukeena, eta aldi berean bere apurra egin lezakeena, zergatik ez, Espainiako Estatuan atzeraka garamatzan abiadari galga paratzen.

Azken maiatzeko hauteskundeek betikoen nagusigoa jarri dute behin berriz agerian. Alabaina, Sanzen gobernu berriak eragin duen frustrazioaz harata, bada aldaketa zantzurik begiak zoli dituenarendako: Nafarroa kolorebakar eta ofizialaren alderdiek, goiti egin gabe, apalduxea ikusi dute beren onespen maila; aukera euskaltzale eta aurrerakoiek, berriz, gorakada nabarmena izan dute botoetan. Ordezkaritza tikia lortu badute, espazio politiko zatikatu baten antolatze ezari zor zaio, Nafarroako biztanleen aldetik sostengu gogorra izan arren.

Heldu den martxoan, bozketak eginen dira Deputatuen Kongresurako eta Senaturako. Zenbaitek ez dituzte Nafarroarako erabakigarritzat jotzen eta frankori emaitza jakinekoak iruditzen zaizkie. Oker daude guztiz. Kontrara, parada paregabea dugu politika nahiz hauteskunde mailan geure indarra erakusteko, non eta nafar gizartearen puska handi batek ordezkaririk batere ez duen erakundeetan. Aldi berean, lehen urratsa izan daiteke Foru Parlamenturako hurrengo bozketetan lehiatu ahal izateko mugimendu alternatibo batekin, gaur egun gobernatzen gaituen eskuin latzaren kontra. Gainera, espero bezala ordezkaririk lortzen badugu, errazagoa izanen da Madrilgo Gobernuak hainbat eta hainbat alorretan –“euskal arazoa”, nazioartea, gizarte politika- daraman ezbidea trabatzea.

Derragun behingoz: euskaltzale eta aurrerakoien zerrenda baturatu batek goitik beheiti iraul dezake Nafarroako politika, baldin eta gutieneko batzuen inguruan egiten bada. Ez dira begiak goregi jartzeko garaiak. Gizartearen puska handi baten atxikimendua bil lezaketen oinarri-oinarrizko puntuez ari gara, hala nola:

Nafarroa askotarikoa, euskal eta erdal kulturen bizikidetza baketsuaren esparru, herri honetan bizitzeko leku bat bilatzen duten gizon-emakumeen ekarpenaz aberastua. Merezimendua eta aitorpena, alor guztietan, euskal hizkuntza eta kulturarendako eta gure erkidegoko euskaldun guztien eskubideendako.
Nafarroa solidario eta aurrerakoia, desberdintasunak apaldu eta gizarte ongizatea eta herritarren partaidetza garatuko dituena.
Giza-eskubideekiko konpromisoa, mehatxatuekiko elkartasuna eta arbuio erabatekoa biolentzia politikoari eta herritarren eskubideak zangopilatzen dituzten portaera guztiei.
Bultzada eta abiada Euskal Herriko gainerako lurraldeekiko harremanei.
Autogobernua handitzea, inposatzen diguten Espainia kolorebakarraren aurrean.
Foru Komunitatearen erabakitzeko esparruaren defentsa. Nafarroako herritarrei baizik ez dagokie beren etorkizuna erabakitzea.
Berraskidetze politika, biolentziaren arazoa gainditzeko.
Ongizatearen estatuaren eta aukera berdintasunaren defentsa eta hedapena alor guztietan: generoa,inmigrazioa, hezkuntza, etxebizitza, osasuna, ahots publikoa, gizarte- eta lan-eskubideak, kultura.
Lan publikoaren gardentasuna, botere-taldeen klientelismoa saihesteko.
Nazioarteko politika baketsua, Nazioarteko Zuzenbidean, lankidetzan, elkartasunean eta elkarrizketan oinarritua.
Balio demokratikoetan sakontzea; ezezkoa ideiak legez kanpo jartzen edo jarduketa politikoak zigortzen dituzten legeei; botere banaketa egiazki berreskuratzea.
Ondare historiko, artistiko, kultural eta naturalaren defentsa.
 

Gaur egun agintekeria eta bazterkeria nagusi ditugu maiz, baina sektore handi baten elkarrizketarako eta elkar ulertzeko gaitasunak posible egin dezake aukera berri bat, Nafarroan onbideratze demokratikoa sustatzen lagunduko duena. Esperantzarako arrazoiak badira, baina orain guztiok nor izan behar dugu.

Horrenbertzez, dei egiten diegu Nafarroa ezberdina nahi duten guztiei, dei herritarrei eta taldeei, etorkizuneko espazioa eratzeko lehen urratsa egin dezaten eta, beraz, sostengu eman diezaioten Nafarroa Bai zerrendari, euskaltzale eta aurrerakoien zerrenda baturatuari.

Iruñean, 2004-1-31