| Agiri hau sinatzen dugun sindikalistok,
sindikatu batzuetan Nafarroan afiliatuak, modu pertsonalean, gure
sostengua adierazi nahi diogu NAFARROA BAI koalizioari
martxoaren 14ko hurrengo hauteskundeetan.
Egiten dugun jardun sindikalak gaurko egoeran
eskatzen du Madrilen ahots propioa izaten lagunduko duen jarrera
hartzea, nafar gizartearen gune horren garrantzizkoa eragiten duten
arazoak salatu eta islatzeko.
Langileek beren bizimodu zein lan baldintzak
hobetzeko daramaten etengabeko borroka gaur errealitate zaila bezain
iluna ari da iragaten mundu ekonomiko globalizatuan, soldatapeko
pertsonen eguneroko oztopoen aurrean inolako sentsibilitaterik ez
duen honetan.
Begi bistako gogoeta honi erantsi behar diogu
nafar eskuinaren jarrera, sektore atzerakoi eta neoliberalenen aliatu
nagusi gisa gobernatzen ari dena. Bistan da haren agintzeko modua
multinazionalen etekinak metatzeko grina erraztera zuzenduta dagoela
gure bizi kalitatea murriztearen bizkar. Hortaz gainera, enpresa
hauek beste tokietara alde egiteko eta Nafarroako lantegiak ixteko
etengabe botatzen duten mehatxuaren bozeramaile lana ere egiten
dute: KAYABA, TRW-Orkoien, SAS enpresetako gatazkak dira adibide
garbiak.
Berezko industria politikaren garapenik ezak
ere kezkatzen gaitu. Nafarroan izan diren azken gobernuek horren
aldeko apostua egin dute, nahiago izan baitute eremua bakarrik enpresa
transnazionalei zabalik utzi. Ezinbestekoa da industria plan bat
sindikatuen parte-hartzearekin, bazterkeriarik gabe, sektore publikotik
eta pribatutik lanpostuak sortuko dituzten politikak garatzeko;
eta horretan behar beharrezkoa da ekoizpenerako ehun propioa eraikitzea.
Aldi berean ezinbestekoa da enpresetarako laguntzen kontrola egitea,
hauek nafar gizartearekin inolako konpromisorik izan gabe diru publikoak
jasotzerik izan ez dezaten.
Halaber uste dugu espekulazioari bide ematen
ari zaiola, pelotazo deitutakoari, alegia, berriki ikasi ditugun
kasuetan bezala, kudeaketa publikoaren esanahian mesfidantza sustatuz.
Aurrerapenaren inguruan kohesionatutako gizarte batek bide bakarra
du: denon artean sortutako aberastasuna justuki birbanatzea. Nafarroan
pairatzen dugun zerga sistemak betikora garamatza: batzuk gero eta
aberatsagoak, gainerakoak berdin edo okerrago.
Uste dugu NAFARROA BAIk, Madrilen,
orain arte adierazitakoan indarra jartzen ahal duela, Nafarroako
langileek dituzten erronkak bere eginez gure gizartearen ongizatean
urratsak emateko, eta lan eta gizarte politiketan, azken denboretan
horren urrituak izan direnetan, beharrezkoa den aldaketan laguntzen
ahal duela.
Zehatzera joanik, banan-banan zerrendatuko ditugu
gure kezkak:
|
Emakumearen bereizketa
ekoizpen sisteman sartzeko orduan. Sektore honetan
suertatzen da langabeziaren indizerik handiena eta horrek
eskatzen du emakumeen enplegua eta eskubide eta aukeren benetako
berdintasuna sustatzeko politika garbia, sexuarengatiko bereizketak
zigortuko dituena eta lan bizia eta familiarena bateratzea
posible eginen duena, emakumea pisurik handiena jasaten duena
izan ez dadin.
|
|
|
Gazteen marjinazioa:
lanera sartzen dira prekarietate baldintzetan soilik; aukeran
langabezia ala aldi bateko kontratuak, eta, noski, soldata eskala
bikoitzak eta kontratu mugagabeetan baina baldintza makurragoetan.
Honek ezinbestekoa egiten du egoera hau ezabatuko duten politikak
ezartzea, lan egonkortasunik ezaren maila zailduko duten legeak,
lan merkatuan sartzen diren belaunaldi berriendako gutxieneko
eskubideak defendatuko dituztenak, sektore hauek pairatzen duten
bereizketa gero eta handiagoa galaraziko dutenak. |
|
|
Langile etorkinen gainesplotazioak
agerian uzten du zer zorroztasun gutxi dagoen lan ikuskapenetan
etorkinei aplikatzen zaien legez kanpoko lanaren kontra. Eremu
honetan beharrezkoak dira immigrazioak pairatzen duen bereizketaren
aurka borrokatuko diren legezko neurriak, hala nola bere integrazioa
eta gizarte ongizate duina ahalbidetuko dituzten politikak. |
Aipu berezia merezi du, bere larritasunarengatik,
Nafarroako lan istripuen indize altuak. Askok heriotza
dakarte. Enpresen menpekotasunaren adierazleak dira, gertakari larri
hauek ekiditeko erantzukizunak eta baliabideak galdatzeko orduan.
Gainera, ezinbestekoa da borondate politikoa, zorroztasun handienaz
arriskuei aurre hartzeko legeak aplikatuko dituena, urraketak kontrolatu
eta zigortuko dituena.
Produkzio sektore guztietan asteko 35
orduko lanaldiaren aldarrikapen historiko eta gauzatu gabekoari
eransten dizkiogu honako hauek: gutxieneko soldata, bizitzeko adinakoa,
hortik beheiti dauden pentsio guztien parekatzea eta oinarrizko
errenta, bizimodu duina bermatuko duena, gizarte bazterkeria guztiei
aurre eginen diena.
Langile autonomoen eta beren eskubideen
defentsa. Soldata, lan baldintza eta aurreikuspen sozialari
dagokienez gutxieneko kodearen aplikazioa. Hortik beheiti, kontratatzeko
edozein mota ilegaltzat hartuko da.
Prezio duinetan oinarritutako nekazaritza
errenta bat beharrezkoa iruditzen zaigu, beren ustiategietatik
bizitzen diren baserritarrentzat. Familia ustiategi nekazaritza
eredua defendatu behar duela, berdintasun juridiko eta laborala
lortuz, nekazaritzan aritzen diren langileentzat. Nekazaritza eraginkor
baten alde borrokatuz, etorkizuneko eta kalitatezko elikadura lortuko
dugu.
Premiazkoa da ingurumenaren inguruko praktikak
lehenestea, natura gehieneko etekinaren aurrean jarriko dituztenak,
energia aurrezkiak eta kutsadura gutxiago ekarriko dituztenak. Ekonomia
solidarioaren esperientziak sustatu behar dira, politika neoliberalen
sarraskien aurrean alternatiba garbia izanen direnak, garapen iraunkorra
eta kontsumo erantzulearen eredua izanen direnak.
Ezin dugu ahantzi administrazioak eta enpresa
askok euskarari erakusten dioten sentsibilitate falta, ikasteko
zailtasunak jarriz eta barruko funtzionamenduan gaztelaniarekin
batera ez erabiliz.
Uste dugu ahots aurrerakoi eta euskaltzalea den
NAFARROA BAIk bermatzen digula pendiente ditugun
eskaera hauek eta etorkizuneko erronka hauek oihartzun nahikoa izanen
dutela erdiesteko egin behar den bidean.
Era berean beharrezkoa dugu Nafarroan dagoen
zerga iruzurra salatzea, kaltea langileentzat izaten baita. Hauek,
nonbait, kontrolatu beharreko subjektu bakarrak baitira, gehien
aportatu behar dutenek ogasunari marro egiten dioten bitartean.
Agiri hau sinatzen dugunok sindikalistak gara,
Nafarroako langile mugimendukoak baina gure ikuspegia ez da Nafarroara
murrizten. EUSKAL HERRIKO gainerako langileekin
batera gure gizartea eraldatzeko helburuak lortze aldera ari gara,
baita gaur ukatzen dizkiguten soberania kuotak erdieste aldera ere.
Hortaz, Lan, gizarte segurantza eta enplegurako politika aktiboen
arloan eskumenak eskuratzeko bi gobernu autonomoek gaur duten mugak
desagertu behar du. Gure lan esparru propioa kudeatuz soilik konpontzen
ahalko ditugu arazoak.
Halaber, azpimarratu nahi dugu daukagun nazioarteko
ikuspegia munduko langile guztien borrokan sistema ekonomiko eta
politiko uniformatzaile eta inperialistaren aurka, hau gerra injustu
eta interesatuen sortzailea baita, alde geografiko batzuen eta besteen
arteko ezberdintasun handien eragilea eta aurre egin behar diogu
txoko guztietatik.
NAFARROA BAIk, hauteskunde
hauetatik aurrera, bide luzea du Nafarroa justuagoa eta solidariagoa
lortze aldera.
|