GAZTEOK BAI
 

NAFARROA BAI koalizioak Nafarroako egoera politikoan, hauteskunde eta gizarte egoeran aldaketa garrantzizkoa ekarri du. Koalizioak ilusioa piztu du, gazteengana ere iritsi dena. Koalizioa osatu duten alderdietako gazteen erakundeek (Iratzarri Aralar-Gazteak, Gazte Abertzaleak, Euzko Gaztedi eta Batzarre Gazteak) sentipen hori bildu eta GAZTEOK BAI eratu dute, koalizioari sostengua emateko plataforma, alegia. Koalizioaren helburuak, hots, bakea bilatzea, autodeterminazioa, gizarte eskubideen eta gutxi dutenen eskubideen aldeko borroka, UPN eta PSNren presentzia partziala dela kausa, orain arte Madrilen ahaztuta izan diren aldarrikapenak entzunak izatea eta haien alde lan egitea, oso inportanteak baitira guretzat. Justizian, askatasunean, elkarrizketan eta giza eskubide guztien defentsan oinarritutako bakea, bizitzaren eskubidetik hasita; giza eskubideen defentsa aktibo eta konprometitua; aniztasuna eta gutxiengoen eskubideak bermatuko dituen autodeterminazioa.

Gazte garen neurrian arazo bereziak izan eta jasaten ditugu eta, hortaz, injustizia larrienen aurrean gure ekarpena egin nahi dugu.

Gazteok Bai-ko gazteok bestelako mundu batean sinisten dugu, bestelako Nafarroan sinisten dugu. Lelo sinplea eta indartsua da, gazte garen aldetik ditugun aldarrikapen oro biltzen dituena.

Gure ustez badira bi arazo, elkarren artean lotuta, gazteriaren garapena baldintzatzen dutenak: etxebizitza eta lana. Etxebizitzari dagokionez, pertsona orori teorikoki aitortzen zaion eskubidea da baina gazte gehienentzat ezina suertatzen da, ez bakarrik eskaintza urria delako, etxebizitza garestia dagoelako baizik. Etxebizitza politikak kontserbadoreak dira eta etxebizitza eta alokairurako sarbidea sustatu beharrean, benetan bultzatzen dutena espekulazioa da.

Bigarrenari, hots, lanari dagokionez, kezkatuta gaude oso, milaka ikasle, urtero, langabeziaren zerrendetan biltzen direlako, gazteek oso soldata eskasaren truk eta lan baldintza txarretan egiten dutelako lan. Laburbilduta, gehienetan, lan duina izateko posibilitatea ukatu edo oztopatzen digute.

“Dena ongi doala” leloa, saldu nahi izaten digutena, ez da egia ezta gutxiago ere.

Era berean, gazteok gure eskubideetan murrizketa garrantzizkoa jasaten dugu beste funtsezko alor batean, hezkuntzaren alorrean, hain zuzen. Egun gazte nafarroi oztopo asko jartzen dizkigute euskaraz ikasi ahal izateko. Agintariek hiritarrak entzun beharrean, eta politika baztertzailea gauzatuz, beste aldera begiratzen dute. Pentsamendu bakarraren politika da, dibertitzeko era bakarraren aldeko apostua egiten duena, pentsatzeko era bakarra, azken finean.

Nafar eskuinak ezereztu eta isilarazi nahi gaitu. Eskubideak urratu nahi dizkigute injustizia haien aurrean isil ez gaitezkeen gazteoi.

Ildo honetan, halaber, aipatu behar ditugu indarrean dauden ULO (LOU) eta Kalitate Legea. Gure heziketarako ondoko hau ekartzen dute: ikastetxe publikoen itotzea, pribatuen onurarako, ikastetxeetako antolaketa eta kudeaketan demokraziarik eza, ikasleen arteko elitizazio krudelena sustatzen dute, gizarte aldakor honetan kultur aniztasunari muzin egiten diote eta gobernu organoetan ikasleen parte hartzea gero eta murritzago bihurtzen dute. Hau da inposatzen diguten sistema.

Era berean, politika neoliberalen aurka gaude, lehia, kontsumismoa, indibidualismoa eta ahulen bazterkeria soziala elikatzen dituztelako, langileen eskubideak murrizten dituztelako, multinazionalen aberastasuna sustatuz eta ezberdintasunaren gizarteari bide emanez eta hau alde etiko zein politikotik onartezina da.

NAFARROA BAI aldaketa eragiteko sortu da, Madrilen aipatutako aldarrikapen garrantzizkoak izan daitezen, bai horiek eta ondoko beste batzuk ere: euskal presoen egoera, etorkinentzat eskubideen berdintasuna, hezkuntza dotazio gehiago, aisialdirako aukera gehiago, sexualitate eta drogei buruzko heziketa, ekologia, herritarren parte hartzea… Bistan da, proiektua ilusio eta indar handiz sortu da baina abiatu besterik ez du egin. Horregatik nafar guztiok animatzen ditugu NAFARROA BAI eta Gazteok Bai proiektuetan parte har dezaten.

Ekimen hau hauteskundeez gaindi doa, etorkizunerako erreferente eta apostu izan nahi du. Gazte sektore zabal batek elkarrekin lan egiteko egiten dugu, justuena eta bidezkoena iruditzen zaigunaren alde, hots, inguratzen gaituen errealitatea eraldatzeko.