NAFARROA BAI Aralar, EA,
EAJ eta Batzarre lau alderdi politikoek
batasunerako eta lankidetzarako egin duten esfortzuaren ondorioa
da. Esfortzua Nafarroa osoa Espainiako Gorteetan ordezkatua izan
dadin. Nafarroa abertzale, aurrerakoia, ezkerrekoa ere ordezkatua
izan dadin. Gizartearen sektore zabal batek azken urteotan egindako
eskariari erantzuna emateko sortu da NAFARROA BAI.
NAFARROA BAIko zerrendetan gauden
emakume zein gizonezkook lau alderdi politiko hauen esfortzuari
erantzun nahi izan diogu eta koalizio honetan modu aktiboan parte
hartzeko konpromisoa onartu dugu.
Nafarroan gehiengoa duten indar politikoek ez
ordezkatzeaz gainera, kontuan ere hartu ez dituzten milaka nafarren
ilusioak errealitate bihurtzeko laguntza ematea da guretzat ohorea.
Alderdien konfiantzari erantzun nahi diogu gure baitako onena emanez:
gure lana, gure esperientzia, Nafarroaz eta jardun publikoaz dugun
ezagutza.
NAFARROA BAIko hautagaiok gure
egiten ditugu koalizioaren printzipioak: giza eskubideak, elkarrizketa,
integrazioa, eta haren helburuen aldeko konpromisoa hartzen dugu:
lehendabizikoa, bakea; bigarrena, Nafarroaren gaur egungo estatusa
berrikustea eta bai Euskal Autonomia Erkidegoarekin, bai Euskal
Herriko gainerako lurraldeekin harreman berriak erabakitzeko eskubidea
bermatzea, Estatuarekin harreman berriak erabakitzeko eskubidea,
hots, autodeterminazioaren eskubidea bermatzea. Hirugarrena, Espainiako
Gorteetan Nafarroa aurrerakoi, abertzale, euskaltzalearen eskubideak,
interesak eta ikuspuntuak defendatzea, politika sozial, ekonomiko,
kanpoko politika, hezkuntza eta kultur politikari dagokienez.
Gure eginkizuna da Nafarroa euskaldun, aurrerakoiaren
ahotsa Madrilera eramatea, eta horretan ahaleginduko gara martxoaren
14a baino lehen eta egun horren ondoren ere.
Hautagai hauek arreta berezia izanen dute bereziki
nafar gizarteak gaur eta geroan dituen eta izanen dituen behar eta
erronkekin. Halaber Nafarroako gizarte eragileen kezkak eta proposamenak
oso kontuan hartuko dituzte.
Indar politikoetatik gure izaera independentea
mantenduko dugu, koalizioarekiko eta bere helburuekiko leialak izanen
gara. Nafarroako eta gainerako Euskal Herriko erakunde abertzale
eta aurrerakoiekin lankidetzan arituko gara, bai eta Estatuko indar
aurrerakoiekin eta nazioen eskubideak defendatzen dituztenekin ere.
Koalizio honentzat gainerako hautu politikoentzat
bezainbeste errespetua eta aukera berdintasuna eskatzen ditugu.
NAFARROA BAIk nafar politikan
aro berri baten hasiera adierazten du, orain artekoa baino aro demokratikoagoa
eta aniztasunarekin konprometituagoa.
Politikan deus oparitzen ez denez, proiektu honekin
identifikaturik sentitzen diren pertsona eta sektore guztiei eskatzen
diegu beren laguntza emateko, bereziki aktiboak izan daitezen hurrengo
asteetan, hurrengo lau urteotan estatuko erakundeetan ere present
izan daitezen.
2004ko urtarrilaren 12an.
|