|
Manifestu hau sinatzen dugunok Nafarroako herritarrak
gara, Foru Komunitatearen etorkizunaz kezkatuak. Bakoitza gure zulokoak
gara, baina euskaltzaleak eta aurrerakoiak izateak elkartzen gaitu,
eta euskaltzale eta aurrerakoi garen aldetik ezinegonean ere egiten
dugu bat: erakundeen erabilera alderdikoiak kezka bizia sorrarazten
digu, bazterturik sentitzen gara gizarte nahiz kultur ikuspegitik,
eta ez gaituzte asetzen alderdi politiko aurrerakoiek egoera hobetzeko
orain arte egin dituzten ahaleginek.
Euskaltzale eta aurrerakoi garela diogu. Euskaltzale,
ezetz erraten diegulako hemengo euskaldunak egunero baztertzen eta
umiliatzen dituztenei; ezetz, bere izatearen kontra eta bortxaz
Nafarroa kolorebakarra eta erdaldun hutsa ekarri nahi digutenei.
Aurrerakoi, giza eskubide guztien alde gaudelako, bizirako eskubidetik
haste. Aurrerakoi, halaber, hautsi nahi dugulako hemengo politikan,
ekonomian, gizartean eta kulturan zenbaitek eraiki duten jabegoa.
Baina orobat aurrerakoi, guretzat aniztasuna aberastasun delako
eta ez mehatxu, eta transbertsalismoaren hazia erein nahi dugulako
gizartean, politikan nahiz kulturan. Azken batez, euskaltzale eta
aurrerakoi gara, Nafarroa Osoa egin gogo dugulako, bazterkeriarik
gabea, bere ezberdintasunetan aberatsa, denendako tokia duena.
Badakigu ez gaudela bakarrik. Milaka jende bat
heldu da ikuspuntu hauekin. Gizartean nahiz politikan ez gara kasik
ageri, ordea, eta hori hala da erantzun zibiko, heldu eta arduratsua
ematen jakin izan ez diogulako Foru Komunitateko erakunde ofizial
nahiz ofiziosoek herritarren zati mardul batekin daramaten zokoratze
politikari. Horren aitzinean, sinetsiak gaude posible dela gizarte-eremu
zabala antolatzea, bai hauteskundeetan lehiatzeko bai politikan
aritzeko, gizarte-eremu zabal bat, Nafarroan aldaketarako aukera
sortzen lagunduko lukeena, eta aldi berean bere apurra egin lezakeena,
zergatik ez, Espainiako Estatuan atzeraka garamatzan abiadari galga
paratzen.
Azken maiatzeko hauteskundeek betikoen nagusigoa
jarri dute behin berriz agerian. Alabaina, Sanzen gobernu berriak
eragin duen frustrazioaz harata, bada aldaketa zantzurik begiak
zoli dituenarendako: Nafarroa kolorebakar eta ofizialaren alderdiek,
goiti egin gabe, apalduxea ikusi dute beren onespen maila; aukera
euskaltzale eta aurrerakoiek, berriz, gorakada nabarmena izan dute
botoetan. Ordezkaritza tikia lortu badute, espazio politiko zatikatu
baten antolatze ezari zor zaio, Nafarroako biztanleen aldetik sostengu
gogorra izan arren.
Heldu den martxoan, bozketak eginen dira Deputatuen
Kongresurako eta Senaturako. Zenbaitek ez dituzte Nafarroarako erabakigarritzat
jotzen eta frankori emaitza jakinekoak iruditzen zaizkie. Oker daude
guztiz. Kontrara, parada paregabea dugu politika nahiz hauteskunde
mailan geure indarra erakusteko, non eta nafar gizartearen puska
handi batek ordezkaririk batere ez duen erakundeetan. Aldi berean,
lehen urratsa izan daiteke Foru Parlamenturako hurrengo bozketetan
lehiatu ahal izateko mugimendu alternatibo batekin, gaur egun gobernatzen
gaituen eskuin latzaren kontra. Gainera, espero bezala ordezkaririk
lortzen badugu, errazagoa izanen da Madrilgo Gobernuak hainbat eta
hainbat alorretan –“euskal arazoa”, nazioartea,
gizarte politika- daraman ezbidea trabatzea.
Derragun behingoz: euskaltzale eta aurrerakoien
zerrenda baturatu batek goitik beheiti iraul dezake Nafarroako politika,
baldin eta gutieneko batzuen inguruan egiten bada. Ez dira begiak
goregi jartzeko garaiak. Gizartearen puska handi baten atxikimendua
bil lezaketen oinarri-oinarrizko puntuez ari gara, hala nola:
|
 |
Nafarroa askotarikoa,
euskal eta erdal kulturen bizikidetza baketsuaren esparru, herri
honetan bizitzeko leku bat bilatzen duten gizon-emakumeen ekarpenaz
aberastua. Merezimendua eta aitorpena, alor guztietan, euskal
hizkuntza eta kulturarendako eta gure erkidegoko euskaldun guztien
eskubideendako. |
 |
Nafarroa solidario eta aurrerakoia, desberdintasunak
apaldu eta gizarte ongizatea eta herritarren partaidetza garatuko
dituena. |
 |
Giza-eskubideekiko konpromisoa, mehatxatuekiko
elkartasuna eta arbuio erabatekoa biolentzia politikoari eta
herritarren eskubideak zangopilatzen dituzten portaera guztiei. |
 |
Bultzada eta abiada Euskal
Herriko gainerako lurraldeekiko harremanei. |
 |
Autogobernua handitzea, inposatzen
diguten Espainia kolorebakarraren aurrean. |
 |
Foru Komunitatearen erabakitzeko esparruaren
defentsa. Nafarroako herritarrei baizik ez dagokie beren etorkizuna
erabakitzea. |
 |
Berraskidetze politika, biolentziaren
arazoa gainditzeko. |
 |
Ongizatearen estatuaren eta aukera berdintasunaren
defentsa eta hedapena alor guztietan: generoa,inmigrazioa, hezkuntza,
etxebizitza, osasuna, ahots publikoa, gizarte- eta lan-eskubideak,
kultura. |
 |
Lan publikoaren gardentasuna,
botere-taldeen klientelismoa saihesteko. |
 |
Nazioarteko politika baketsua, Nazioarteko
Zuzenbidean, lankidetzan, elkartasunean eta elkarrizketan oinarritua. |
 |
Balio demokratikoetan sakontzea; ezezkoa
ideiak legez kanpo jartzen edo jarduketa politikoak zigortzen
dituzten legeei; botere banaketa egiazki berreskuratzea. |
 |
Ondare historiko, artistiko,
kultural eta naturalaren defentsa. |
| |
|
Gaur egun agintekeria eta bazterkeria
nagusi ditugu maiz, baina sektore handi baten elkarrizketarako eta
elkar ulertzeko gaitasunak posible egin dezake aukera berri bat,
Nafarroan onbideratze demokratikoa sustatzen lagunduko duena. Esperantzarako
arrazoiak badira, baina orain guztiok nor
izan behar dugu.
Horrenbertzez, dei egiten diegu Nafarroa ezberdina
nahi duten guztiei, dei herritarrei eta taldeei, etorkizuneko espazioa
eratzeko lehen urratsa egin dezaten eta, beraz, sostengu eman diezaioten
Nafarroa Bai zerrendari, euskaltzale eta aurrerakoien zerrenda baturatuari.
Iruñean, 2004-1-31
|